parallax background

Informazioa


FORMAKUNTZAREN AURKEZPENA

Zinema lengoaia unibertsal bat dela jadanik ez du inork zalantzan jartzen. Bere hastapenetatik gaur arte zinemak izandako ibilbidea bihurgunez beterikoa izan da eta definitzen joaten zen heinean, norbaitek beste bide berri bat saiatzen zuen. Hasieran zineak feriako barraketan izan zituen lehen urratsak, baina ameslari eta ekintzaile batzuk beste leku aberasgarriagoetatik eraman zuten Lumière anaien asmakizun ikusgarria. Europatik eta Ipar Amerikatik mundu osora zabaldu zen zinea eta industria egonkortu bat sortzen ari zen aldi berean, arte mota berri bat ere sortu zen.

Munduko leku guztietan bezala, Euskal Herrira ere iritsi zitzaigun arte zinematografikoa eta ibilbide berezia izan zuen gure artean ere topatu ditzakegun adibide bikainekin. Historia jakiteak iragana etorkizun bihur dezakeenez, euskal zinemagintzaren ibilbidea ezagutzea gure burua hobeto ezagutzea ekarri dezake. Euskal zinemaren historiari gainbegiratu bat egingo da jatorrietatik gaur egun arte. Dena den, euskal zinemaren beste atal batzuk ere jorratuko dira, hala nola, euskal zine-industriaren inguruan, edota hona hurbiltzeko zeharkako arloak. Eta gaia gaurkotuz, euskal zinemaren etorkizunaz ere zertzelada batzuk aztertuko ditugu.

HELBURUAK

1. Zineman (eta hedaduraz, artean) sailkapenek eta definizio saiakerek ekartzen dituzten arazoak mahaigaineratzea da hasierako helburua, eta horrekin batera, zinema nazionalak definitzerakoan agertzen diren oztopoak azaltzea. Gure artera gaia ekarriz, euskal zinemaren inguruko eztabaidak argitzen saiatuko gara (euskal zinema, euskarazko zinema soilik ote den, adibidez).

2. Bestalde, euskal zinemagintzaren historia azalduko da, azken urteotan egin diren ekarpenekin eta bere garapena hobeto ezagutu ahal izango dute ikasleek. Bereziki XXI. mendeko bi hamarkadetan euskal zinema izaten ari den loraldiari buruz hausnartuko dugu. Euskal zinemari buruzko ikuspuntu desberdinei buruz ere hausnarketa egingo da.

3. Euskal zinemaren industriako atal desberdinetara hurbilduko gara, bakoitzari gainbegiratu bat ematen hurrengo galdera aintzat hartuz: Posible al da euskal zinema industria?

4. Halaber, historiografiko-estetiko ez diren arloak aztertuko ditugu euskal zinemari buruz hitz egiteko, zeharkako atal desberdinak ikertuz (generoa, dokumentala, emakumea, animazioa).

5. Bukatzeko ikasleei film baten aurrean analisi/kritika bat egitea proposatuko zaie. Lehenik film analisiaren oinarrizko tresnak bereganatuko dituzte eta ondoren euskal film batera moldatu.

HARTZAILEAK

  • Orokorrean zineman interesa duen edozein, eta bereziki euskal zinemaz gehiago jakin nahi dutenak. Ez da zinema egiteko/sortzeko ikastaro bat, euskal zinema hobeto ezagutzea da helburua.
  • Euskaraz izango denez ikastaroa, euskaraz jakitea da baldintza bakarra. Dena den, adibide eta eredu asko gaztelaniaz izango dira euskal zinemagintza elebitan sortu delako.
  • Film analisian sakondu nahi duen edozein ere ongietorria izango da.
  • Kultura-edukietan jakin-nahia dutenak ere.

METODOLOGIA

120 minutuko 6 saio online. Beste 3 ordu inguru materiala begiratzeko edo iruzkinetarako (bukaerako lana prestatzeko eta egiteko).

Ikastaroko saio bakoitzean irakasleak egitaraua ordenean jarraituko du 2 ordutan zehar, ikasleen ekarpenak aintzat hartuz eta saioaren ibilbidea moldatuz, beharrik ikusiz gero.

Bideokonferentzia izango da lan-tresna eta saio bakoitzaren bukaeran hurrengo saioko edukiak aurkeztuko dira.

Ikastaroa amaitzerakoan bibliografia eta webgrafia bat emango zaie ikasleei, eta ikastaroan zehar aipatutako eta erabilitako iturriak agertuko dira bertan.

Azken saioan ariketa praktiko bat bideratuko da film analisi bat egiteko helburuarekin (euskal film bat). Dena den, ariketa hau ikastaro hasieratik aurkeztuko zaie ikasleei eta lehen saioetatik prestatzen has dezakete.

EGUTEGIA

Iraupena: 15 ordu (12 ordu online aurrez aurre eta 3 ordu ikasgela birtualetik kanpo).

Datak: Astelehenetan. Azaroak 7-14-21-28. Abenduak 12-19.

Ordutegia: 17:00-19:00.

Lana emateko epea: urtarrilak 9.

ESKAKIZUN TEKNIKOAK

Ikasleak Interneterako konexio egonkorra izan beharko du. Era berean, online saioetan parte hartzeko, bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean Zoom bideokonferentzia-aplikazioa instalatu beharko du. Aplikazioa esteka honetan eskura daiteke: https://zoom.us/download #client_4meeting

PREZIOA

Ikastaro hau doakoa da.

MATRIKULA IREKIA

Beharrezkoa da "Izen-ematea" atalean dagoen formularioa betetzea.

HIZKUNTZA

Euskara.

DATAK

Hasiera data:

2022ko azaroak 7.

Bukaera data:

2023ko urtarrilak 9.

Orduak: 15.

______________

Ikastaroa amaitzean, ikasleek UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak emandako ziurtagiria jasoko dute.


Kolaboratzailea

Asmoz-Logo